NIAren osagaiak
Lehenik eta behin esan, NIAren
osagaien inguruan Amaia Arroyok egiten duen proposamena izugarri gustatu zaidala. Ez nuen ezagutzen
eta nik ere, berak esaten duen bezala, logika ikusten diot. Bertan, NIAren 4 osagaiez
hitz egiten digu; gaitasunak, jarrerak, baliabideak eta ikas-ikuspegia.
Gaitasunen
barruan gaitasun digitala eta ikasten ikasteko gaitasuna sartzen ditu. Jarreren
barruan, aldaketen aurrean jarrera baikorra izatea eta etengabe ikasten
jarraitzeko motibazioa. Baliabideen artean teknologikoak eta ez-teknologikoak
bereizten ditu eta azkenik Ikas-ikuspegiaren barruan konstruktibismoa eta
konektibismoa ulertzeko beharra eta hezkuntza ez-formala eta informala baloratzearen
garrantzia aipatzen ditu.
NIAren
osagaien infografia (Arroyo, 2016)
Nire ustez 4 osagaiak dute bere
garrantzia NIA garatzeko orduan. Jarrera ezinbestekoa iruditzen zait, aldaketei
ez diegu beldur izan behar eta prest egon behar gara hauekin aurrera egiteko
eta gure bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko. Hauekin batera eta estuki
lotuta gaitasunak daudela esango nuke.
Goi-mailako kirolari batek baditu
ezaugarri fisiko batzuk jaiotzen den unetik, baina hauek ez baditu garatzen
bere bizitza osoan zehar ez da inoiz goi-mailako kirolari bat izatera iritsiko
eta bestalde hain ezaugarri fisiko onak ez dituen pertsona bat bere bizitzan
zehar asko saiatzen bada, goi mailako kirolari izatera iritsi al daiteke?
Eta zer esan dezakegu gaitasun
digitalaren inguruan? Berezkoa dugun gaitasun bat da? Ikasten da? Gauza guztiak
bezala esango nuke ikasten dela baina argi dagoena da pertsona batzuk
erraztasun handiagoa dutela beste batzuk baino.
Baliabideak ezin ditugu alde
batera utzi, ba al dago piano-jotzailerik pianorik gabe? Nola ikasiko dut ez baditut
horretarako baliabide egokiak, eguneratuak, gertukoak…?
Ikas-ikuspegiaren puntua ere
garrantzitsua iruditzen zait eta egiten eginez ikasten dela ere aipatuko nuke. Nola
dakit zerbait dakidala? … Ba beste norbaiti azaltzeko gai naizenean ezta?
Nire kasuan, esango nuke osagai guztietatik
badudala zertxobait. Gaitasun digitala badut eta nahiz eta oraindik ere asko
falta zaidan ikasteko, beti nago gehiago ikasteko prest. Aldaketei ez diet
beldur, nik “orain arte horrela egin izan dugu”-ri diot beldur gehiago. Baliabideak
ere esango nuke baditudala bai teknologikoak baita ez-teknologikoak ere eta
azkenik ikas-ikuspegia erabat eraikitzailea dela esango nuke eta
metakognizioari gero eta garrantzi handiagoa ematen diot.

Iruzkinak
Argitaratu iruzkina